Kamikaz Kolektiboko kideek Naiz Irratitik gonbidapen bat jaso genuen: Gabonetan bi ataletan banatutako podcast bat egitea. Ezinezkoa izan zen ezezkoa esatea, erronka berrien eta sorkuntza prozesu desberdinen zaleak gara eta.
Podcast/irratsaio hau gauzatzeko, Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias batu ginen Kamikazen izenean . Bidea aberasgarria izan zen oso, eta asko gozatu genituen bi irratsaio edo emanaldiak, zuzenekoak izan bait ziren, ikus-entzuleak aurrez-aurre genituela, alegia.
Gai bat aukeratu behar genuela argi zegoen programaren bizkarrezurra sortzeko. Aukeraketan zalantza gutxi egon zen, gaia: Gabonak.
Gehiengoarentzat kontraesanez betetako egunak izaten dira gabonak: familia erritualak eta sukaldeko gehiegikeriak, kontsumismo eroa eta gabon-argien apologia sutsua; nostalgia izan zenagatik, eta falta direnengatik. Buru-belarri aritu ginen lanean. Hementxe dituzue bi atalak ikusgai. Gozatu!
1. Saioa
Jaiotza Basatia saio bikotzaren lehen itzulia Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean egin genuen.
Erika, Amancay, Miren eta Iraiaz gain, bi gonbidatu berezi izan genituen: Gartxot Unsain eta Aintzane Erkizia. Gartxot artista galanta da eta bere artea oparitu zigun programa agurtzeko abesti bat sortuaz. Aintzane, bestalde, Artearen Historian doktoratua, gabonen iruditegiaz aritu zitzaigun eta oso elkarrizketa interesgarrian murgiltzeko aukera izan genuen. Beste hainbat ahots ere entzun ahal izan genituen ondorengo galdera honi erantzuten:
«Eta zuri zein ‘txitxare’ mugitzen dizute Gabonek?» galdera potoloa, izan ere! Hementxe duzue saioa ikusteko aukera!
2. Saioa
“Jaiotza Basatia Lehen atala” eta gero, Donostiako DOKA antzokian egin genuen bigarren saioa. Gauza asko bizi izan genituen bertan eta horien artean momentu historiko bat: erabat baztertuta sentitzen den Lagun Izkutua elkarrizketatzeko aukera izan genuen Kamikaz Kolektiboko kideek. Horretarako, Maialen Hackelber itzultzailearen laguntza beharrezkoa izan zen.
Honetaz aparte, aurreko egunean bezala bi luxuzko gonbidatu izan genituen gurekin: Gartxot Unsain berriz ere eta Helena Bereziartua Salamero. Gartxotek beste abesti eder bat oparitu zigun saio amaitzeko eta Helenarekin batera Gabonen ikuspegi sakonago baten inguruan hausnartzeko aukera izan genuen, disziplina desberdinak lantzen dituen terapeuta holistikoa da bera.
Ikus-entzuleei egindako galdera: “Ze zentzu sakon daukate Gabonek zuretzat?”. Bidaia on!