Iraia Elias Muniain (1980) 2001ean diplomatu zen irakasle bezala heziketa bereziko espezialitatean, Donostiako EHUn. Era berean antzerkiarekiko interesak Donostiako TAEn antzerki ikasketak egitera bultzatu zuen, baita bere interesekoak ziren adar ezberdinetako antzerki ikastaroak egitera ere han eta hemen. Azken esperientzia Buenos Airesen izan du 2016.urtean, Lecoq-en pedagogian oinarritzen den antzerki sorkuntza eta mugimenduzko CABUIA eskola internazionalean. Bertan Lecoq-ek proposatzen duen bidaia egiteaz gain Alfredo Iriarte Maskara egilearekin Carta pesta teknikarekin maskarak egiten ikasten du.
Urte hauetan guztietan proiektu ezberdinetan hartu izan du parte eta proiektu kuttunen artean daude Ainhoa Alberdirekin batera sortutako TTAK TEATROA (2009) eta bertan eginiko lan ezberdinak: Eta Karmele? Eta oain ze?… METROKOADROKA KOLEKTIBOaren parte ere bada eta bertan sortuak ditu hainbat lan: Zertarako hegoak?, Zanbuia!, Bidaide… Beste talde batzuentzako eginiko lanen artean daude adibidez, A lurpean (Zarauzko Udala) eta Sherezade eta tipularen azalak (Vaiven). Chapito talde portugaldarrak zuzenduriko lan honek Donostia Saria jaso zuen. Kamizaz kolektiboarekin elkarlanean sortu ditu Agur eta dolore pieza (Pabelloi 6ko euskarazko lan onenaren Kriseilu saria 2018) Matriuska (2020ko Donostiako Poltsiko Antzerki sorkuntza saria.) eta 2021ean estreinaturiko “ Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi” lana. Azken honek Azpeitiko Antzerki topaketetako saria eta 2022ko Donostia antzerkia saria eskuratu zituen.
Antzerki eta sormen ikastaro ezberdinak ere eman izan ditu urte hauetan zehar Aulestiko Antzerki topaketan,Zestoako antzerki eskolan, Emakume etxeetan eta jubilatuen etxean.
Ikusentzunezkoan berriz hainbat lan eginak ditu, aipatzekoak Amama (Asier Altuna,2015. 2016ko Goya sarietan Aktore errebelazio moduan izendatua) eta Koldo Almandozen Oreina(2017) eta Hondar ahoak telesaila.